Gizonezkoen Bigarren Mailako Liga Erregularra amaitzeko jardunaldi bat falta delarik, Ibaizabalek lehenengo postua eskuratu eta era berean, Lehenengo Mailara igoera zuzena lortu du. 

Lehenengo Mailara igotzeko maiatzaren 20an eta 21ean jokatuko den lauko finaleko taldeak ezagutzen ditugu: Cabarri Galvanizados Unamuno, Ulacia ZKE, Askartza Claret eta Hotel Gran Bilbao Berrio Otxoa.

Ibaizabal Liga Erregularreko txapeldun bihurtu zen etxean 82-53 Berrio Otxoa irabazi ostean. Ibaizabalen aldeko lehenengo eta bigarren laurdeneko 20-7 eta 26-2 partzialen ondorioz, 37 puntuko aldea lortu zuen atsedenaldirako.

Ulacia ZKEk garaipena lortu zuen Cabarri Galvanizados Unamunoren etxean (64-76). Lehen hiru laurdenetan zehar berdintasuna izan zen nagusi. Azken laurdenean berriz, gipuzkoarren 13-27 partzialaren ondorioz, garaipena Zarautzera joan zen.

Ordizia Ondozabal Group garaipen erosoa lortu zuen etxean Salleko Renault Autonervionen aurka. Etxeko taldean izan zuen zuen norgehiagokaren jabetza hasieratik amaierara.

Errobide Irunen Easo Basket Turdus Wineren neurketa luzapenera joan zen irabazlea erabakitzeko. Iruneko Artaldeku kiroldegian, etxeko taldea partida osoan zehar aurretik izan arren, Easok 5 minutu falta zirelakoan markagailuari buelta eman zion. Etxeko taldearen hiruko saskiratze batek luzapenera bidali zuen neurketa. Luzapenean Errobide Irun aritu zen hobeto eta 12-3 partzial bati esker, garaipena etxean geratu zen.

Legami Araberrik 77-62 irabazi zuen Arri BKLren aurka. Gasteiztarrak aurretik izan ziren neurketa osoan zehar eta atsedenaldian lortutako 15 puntuko aldea bukaerararte mantendu zen.

Padurak 55-58 irabazi zuen Zornotza STren aurka. Zornotza markagailuari buelta ematen saiatu zen lehenengo zati osoan zehar. Hirugarren laurdenean eskuratutako 18-10 partzialaren ondorioz, etxeko taldeak markagailuari buelta ematea lortu zuen. Azken laurdenean, Padurak jaurtiketa libre nahiko huts egin arren, Arrigorriagako taldeak eraman zuen garaipena poltsikora.

Azkenik, Askartza ikastetxean Disdira Bitxitegia ISBk lortu zuen garaipena (70-74). Atsedenaldian, etxeko taldea bost puntugatik aurretik zen. Hirugarren laurdenean, azpeitiarren hiruko marrako eraginkortasuna baliagarri izan zen garaipena lortzeko.