Gasteizko Erregina Koparen aldeko apustua egin du EiTBk

Gasteizen ospatuko den Erregina Kopan euskal taldeek jokatuko dituzten partidak zuzenean emango ditu telebista autonomikoak.

Mendizorrotza kiroldegian baloia airera bota eta Erregina Kopa eskuratzeko lehia hasteko zazpi egun besterik ez dira geratzen. Zortzi talde izango dira nor baino nor gehiago, tartean hiru euskaldun: Lointek Gernika Bizkaia, IDK Gipuzkoa eta Rpk Araski. ETBko kamerak hiru taldeen jardunaren lekuko izango dira.

ETB1en eta ETB4n jarraitu ahal izango ditugu emozioz beteriko final laurdenetako norgehiagokak: ostegunean, Cadí La Seu / Rpk Araski partida eta ostiralean Lointek Gernika eta IDK Gipuzkoa arteko derbia. Biak ala biak 19:30ean hasiko dira. 17:00etako neurketa eskainiko du Euskal Telebistak. Eta hiruretako batek finala jokatuz gero, hori ere bai. ETBk eskainiko dituen partida guztiak streaming bidez jarraitu ahal izango dira eitb.eus-en.

Xabier de la Fuentek egingo du Erregina Kopako partiden kontakizuna, Josean Aldalur aditua lagun duela. Juan de la Vegak ostiraleko derbiko protagonistak elkarrizketatuko ditu. ETBk ahalegin berezia egingo du hitzordu garrantzitsu honi merezitako jarraipena egiteko: zuzeneko emankizunetarako sei kamera, jokalarien dierazpenak prentsa aretoan, atsedenaldiko giroa eta Erregina Kopan arituko diren taldeen aurretiazko prestaketa.