EBA: Ordizia Basoa Banaketakek sokaren kontra jarri zuen Estela liderra, baina galtzen bukatu zuen

Lehiaketa itzuli zen Aste Santuko atsedenaldiaren ondoren eta ustekaberen bat egon zen. Mondragon Unibertsitateak derbia irabazi zion Santurtziri (58-51) eta aukerarik gabe utzi zien moreei hirugarren posturako borrokan. Easo da onuradun handia: donostiarrek Ulacia gainditu zuten beste derbian. Eta ustekabe handia ia eman zuen Ordizia Basoa Banaketak. Gipuzkoarrek sokaren kontra jarri zuen Estela liderra eta kantabriar taldeak bakarrik zulo txikia ireki zuen azken hiru minutuetan.

Liga EBAko AA multzoko azken txanpa iritsi da eta gure taldeak akats tarterik gabe geratzen dira beraien helburuak lortzeko. Ordizia Basoa Banaketaek garaipenak behar ditu, baina jardunaldi honetan liderraren aurka jokatu zuen. Lehen begiratuan, Rafa Pueyoren mutilak faboritoak ziren kiniela guztietan, baina izugarri sufritu zuten irabazteko eta sailkapeneko lehen postuan mantentzeko.

Hasieratik, saskiratzea asko kostatu zitzaion Ordiziari: Asier de la Iglesiaren hirukoak ez ziren sartu eta bere zona ondo defendatu zuen Estela. Bi egoera hauek aprobetxatu zituen liderrak lehen abantailak lortzeko (8-13). Baina Jon Mendiluceren mutilek defentsa estutu zuten eta Jon Hernandezen hirukoak kanpokoen lehen hutsartea eragin zion (11-13). Hortik aurrera, Estelak ia neurketa apurtu zuen bigarren laurdenaren erdialdera (21-31), baina Ordiziako taldeak erreakzionatu zuen eta atsedenaldira sei puntuko desabantailarekin soilik iritsi zen. 

Bigarren zatian, Joseba Iglesias bizkaitarra izan zen Estelaren liderra, baina Ordizia ez zen atzean gelditu. Bere 1-3-1 zonakako defentsak traba egin zion lehen sailkatuari eta Asier De la Iglesiasek bi hiruko saskiratu zituen partidari buelta emateko (48-44).
Hauek izan ziren etxeko taldearen minuturik onenak eta, gainera, Hampl arazoak izaten ari zen falta pertsonalekin. Berdintasuna izan zen protagonista azken minututara arte. Lau minuturen faltan, 66-68ko emaitzarekin, Hansenek 5 puntu jarrian lortu zituen eta alde erabakigarria eman zion liderrari. Jon Villaren hirukoa ez zen sartu, neurketa zapuztu egin zen eta 72-77ko emaitzarekin bukatu zen.


HA Zornotzak asko eskertuko zuen Ordiziaren garaipena. Bizkaitarrek erraz irabazi zioten Universidad de Valladolidi (94-68). Baina Jon Mendiluceren porrota ondo datorkio Mondragon Unibertsitateari. Ointxe taldeak Santurtziri gailendu zion 58-51ko emaitzarekin, oso berdindutako neurketan. Bizkaiko taldearen saskiratzeko arazoak hiruko marratik (18/1) eta etxeko taldearen defentsa gakoak izan ziren. Porrot honekin, Santurtzik agur esan dio hirugarren postuari.


Easok beste pauso eman zuen igoera fasea jokatzeko Ulacia Grupo ZKEri irabazita, donostiarrek hasieratik amaierara arte menderatutako neurketan.