ARGAZKIA: CB Ibaizabal

LEHEN ETA BIGARREN MAILAN: Ustekabe Urretan: Cafeteria Tartalok gailendu dio Rodamientos Arizti liderrari

Sei jardunaldi geratzen dira denboraldia bukatzeko eta berdintasunak protagonista izaten jarraitzen du. Take eta San Cerninek alde arina hartu dute (14-6), baina soilik garaipen bateko abantaila dute atzetik datorren taldea osatzen duten lau taldearekiko (13-7). Eta Loiolak Lauko Finaleko aukerak mantentzen ditu zazpigarren postuan (12-8). Arabar nagusitasunak jarraitzen du, nahiz eta Rodamientos Arizti liderrak galdu Galdakaon. Eta Erroibide Irun une gozoan dago: laugarren garaipen jarraian eta Lauko Finalerako postutan.

LEHEN MAILA

Pasa den astelehenean, aurreratutako partidan, Redline Mekanika Takek Disdita Bitxitegia biziari gailendu zion. Azpeitiarrei zortea falta izan zitzaien une garrantzitsuetan. Oso sendo jarraitzen du Takek eta lehen postuan dago, San Cerninekin berdinduta. Nafarroako taldeak asko lan egin behar izan zuen Arri BKL borrokalariaren aurka, baina denboraldiko 14. garaipena eskuratu zuen bere jokalarien esperientziari esker (77-70). Nahiz eta etxean galdu Universidad de Deustoren aurrean (58-79), hirugarren postua mantentzen du Hernani Tecnun. Bere aldetik, Bilboko taldeak bigarren garaipen jarraian lortu zuen eta Lauko Finalerako hautagaitza aurkeztu du. Unamunok aurpegia eman zion Goierriri (66-74), baina gipuzkoarrek garaiz bizkortu zuten sailkapeneko goiko postutan jarraitzeko. Landakon jokatutako Bizkaiko derbian, Tabirako Baquek garaipen garrantzitsua eskuratu zuen Getxoren aurka (70-65). Atletico San Sebastianek lidertza galdu zuen bolada onean dagoen Avia Zizur Ardoiren aurka (72-78) bigarren laurden kaskarraren ondoren (8-21). Eta beheko postutan, Cafes Aitona Askatuak erraz gainditu zuen Valle de Egues.

BIGARREN MAILA

Jardunaldiko ezustea eskaini zuen Cafeteria Tartalo Ibaizabalek Rodamientos Arizti liderrari irabazi eta gero (76-68). Porrot honekin, liderraren aldea txikiagotu da: soilik partida bateko abantaila Urgatzi bigarren sailkatuarekiko. Olabide Ikastolaren taldeak zazpigarren garaipen jarraian eskuratu zuen Paduraren zelaian (64-82). Lakua Centro-San Prudenciok sendo jarraitzen du hirugarren postuan eta Leioari gailendu zion (76-60). Eta Mungiak ez zuen huts egin Urdanetaren aurrean (44-55).

Ibaizabalez gain, Erroibide Irun da jardunaldiko protagonista bikaina. Gipuzkoako taldeak bosgarren postua harrapatu zuen bere laugarren garaipen jarrairi esker (86-67 Hotel Gran Bilbao Berrio-Otxoaren aurka) eta jada partida bateko aldea du Tabirakoren aurrean galdu zuen Askartzarekiko (69-75).