GIZONEZKOEN 1. ETA 2. MAILA: Hernani Tecnumek lehen postua berreskuratu du eta emozioz betetako amaierak BIgarren mailan

Lidertza jokoan egon zen Hernani Tecnum eta Redline Mekanika Takeren arteko lehian. Irabazi zezan taldea lehena izango litzateke sailkapenean. Eta garaipena eta lehen postua Hernanirentzat izan zen. Bigarren mailan, neurketa batzuk azken uneetan erabaki ziren: Jon Colladosen hirukoak 4 segunduren faltan Askartzari garaipena emateko Berrio Otxoaren aurka eta Pueblaren jaurtiketa libreak San Prudencioren garaipena segurtatzeko.


LEHEN MAILA

HERNANI TECNUM  82 72 REDLINE MEKANIKA TAKE

Asko zegoen jokoan Gipuzkoako derbi honetan, baina bi taldeak nerbiorik gabe hasi ziren. Hori bai, Hernanik lortu zituen lehen alde garrantsitsuak Korta eta Eizmendiren eskutik (21-12). Tolosako taldea deseroso eta asmatzerik gabe zebilen, Lasaren hirukoekin baliabide bakar bezala. Baina, hain zuzen ere, etxekoek aldea handitu zuten hirukoen bidez: lau jarraian 45-30ko emaitza jartzeko atsedenaldian.

Neurketa irabazi nahi bazuen, bai defentsan bai erasoan hobetu behar zuen Redlinek. Eta ideia honekin itzuli ziren neurketara. Lander Lasak Azaldegiren laguntza aurkitu zuen  eta tolosarrek 4-15ko partziala lortu zuten 49-45ko emaitza jartzeko 13 minuturen faltan. Baina berriro hirukoen bidez konpondu zuen egoera etxeko taldeak eta Salgadok, Arenazak eta Kortak Redlineren asmoak deuseztatu zituzten.

BESTE EMAITZAK

Liderren arteko lehiaz gain, beste derbi batzuk egon ziren. Cafes Aitonak amore eman zuen Atletico San Sebastianen aurrean (56-76); lehen hiru taldeen lorratza jarraitzen du Goierrik Arri BLK-i irabazi eta gero (91-64) eta Universidad de Deusto Loiolak Getxo gainditu zuen. Nahiz eta bere entrenatzailearik gabe egon lehen laurdenetik eta neurketan osoan zehar 5-6 puntu atzetik joan, bilbotarrek egoerari buelta eman zioten azken minutuetan defentsa lanaren bidez.

Gainera, Disdira Bitxitegiak galdu zuen bigarren postuan dagoen San Cernin indartsuaren aurka (64-73); zelatan jarraitzen du Tabirako Baquek Ardoiren kantxan irabazi eta gero; eta Unamunok ezin izan zuen garaipena eskuratu azken postuan dagoen Valle de Eguesen zelaian.

BIGARREN MAILA

Bere helburuak lortzeko atzerako kontaketa jada hasi da Gizonezkoen Bigarren Mailan. Rodamientos Ariztik lehen postuan mantentzen du Tabirako Baqueri irabazi ondoren (77-63). Liderrak bi garaipeneko aldea du beste Gasteizko taldeekiko. Erraz gainditu zuen Urgatzik Leioa (60-42) eta askoz gehiago sufritu zuen Lakua Centro San Prudenciok Mungian. Arabarrak 4 puntu atzetik sartu ziren azken minutura, baina garaipena eskuratu zuten azken uneetan Pueblaren bi jaurtiketa libreei esker (57-59).

Beheko postuetan, Cafeteria Tartalo Ibaizabalek oso erraz irabazi zion Padurari (67-95) eta Urdanetak argi eta gargi galdu zuen etxean Erroibide Irunen aurka (60-80). Emozio gehiago Bilbon: Askartzak garaipena eskuratu zuen Hotel Gran Bilbao Berrio Otxoaren aurrean Jon Colladosen hirukoari esker amaierarako 4 segunduren faltan.