Aurkezpeneko argazkia (argazkia: bizkaiabasket.com)

Lointek Gernika Bizkaiak EuroCup jokatuko du

Gerardo Candina, Gernika KESBeko Presidenteak hedabideen aurrean azaldu du talde gernikarra EuroCupen izena emateko izan dituzten arrazioak. Lehenik, Ferrol eta Araskik uko egin izanagatik Lointek Gernika Bizkaiak EuroCup jokatuko duenaren ideia baztertu du. “EuroCup jokatuko dugu proiektu bat aurkeztu dugulako, eta bai FIBAk eta baita FEBek proiektua begi onez ikusi dutelako”, azaldu du gernikarren Presidenteak. “FIBAK FEBen esku bost plaza ipini zituen Europan jokatzeko, eta oraingoz, Gironak eta guk eman dugu izena Europako Txapelketetarako”, gaineratu du Candinak.

Ostiral honetan, ekainaren 23a, da izena emateko azken eguna, eta uztailaren 4ean izango da egutegiaren zozketa Munichen. Egun horretan jakingo du Lointek Gernika Bizkaiak Europako Txapelketa jokatuko duen edo ez, izan ere dena izen-emate kopuruaren arabera izango baita.

Txapelketan 32 taldek parte hartuko dute, lau taldez osatutako zortzi multzotan banatuta. FIBAk gainera, hein batean multzoak hurbiltasun geografikoz betetzea nahi du.

Gainera, Gerardo Candinak onartu du Lointek Gernika Bizkaiak etxeko partidak ostegunetan jokatuko dituela 20:30etan Bilboko Casilla Kiroldegian. Hau “Malostek FIBAk eskatzen dituen gutxieneko eserlekuak ez dituelako” onartu du Candinak, Bilboko Udala eta Bilbao Kirolaken laguntza eskertzearekin batera. German Monge eta Koldo Mendiari ere eskertu nahi izan zion hurrenez-hurren Euskal Saskibaloi Federazioko eta Bizkaiko Saskibaloi Federazioko Presidenteak, “euren laguntza federatiboa eta instituzionala ezinbestekoa izan baita La Casillan jokatu ahal izateko, eta horrela Europan jokatzeko”.

LOINTEKEK BABESLE GISA JARRAITUKO DU

Europako Txapelketa jokatzeaz gain, Candinak prentsaurreoan bigarren albiste bat eman zuen, Gernika KESB eta Lointeken arteko harremana beste urte batez luzatzea hain zuzen ere. Horrela, “Lointek izango da 2017/18 denboraldian gure babesle nagusia, eta hori guretzat oso albiste ona da”, gaineratu zuen Candinak.