Zornotza ST Granadan garaipena ospatzen (argazkia: @Danidelarua)

Zornotza STk Coviran Granadari etxeko faktorea kendu dio

Zornotza STk Urrezko LEB mailara igotzeko lehian bizirik darrai Granadan garaipen bat lortu eta kanporaketa berdindu eta gero.

Ostiralean hasi zen Zilarrezko LEB mailako finalerdiak Zornotza STrentzat. Lehen partidan Coviran Granada nagusitu zen 79-68ko emaitzarekin, hein batean hirugarren laurdenean egindako esfortzuarekin. Atsedenaldira hiru puntuko abantailarekin heldu ziren (33-30), baina hirugarrengoan 24-10eko partzialarekin aldeak nabarmen handitu zituzten, ezerezean utziz Vuceticen 12 puntu eta 12 erreboteak.

Covirán Granada 79 - 68 Zornotza ST

Avilan gertatu bezala, Zornotza STk porrotari garaipen batekin erantzun zion, eta 81-84ko emaitzarekin nagusitu ziren bigarren partidan. Mikel Garitaonandiaren mutilek lehen laurden bikain bati esker 22-35 aurreratzea lortu zuten, eta atsedenaldira hamaika puntuko abantailarekin heltzea lortu zuten (42-53). Bigarren zatian, etxekoak aldeak murrizten joan arren, zornotzarrek ongi mantendu zituzten urduritasunak, eta etxeko zaleen presioa ere gainditzea lortu zuten. Hamasei segundoren faltan 81-82ko markagailua zegoen, baina orduan Dani de la Ruak ezarri zuen azkenengo 81-84ko emaitza, Carlos Cobok partida berdintzeko hiruko jaurtiketa huts egin eta gero.

Jean Cadot, 21 punturekin izan zen bizkaitarren saskiratzailerik onena, eta horri esker, orain bizkaitarrek dute etxeko faktorea, izan ere datorren astean Larrean jokatuko dira bi partidak.

Covirán Granada 81 - 84 Zornotza ST