Zornotza ST garaipena ospatzen (argazkia: zornotzast.eus)

Zornotza ST finalerdietara sailkatu da

Zornotza STk asteburuan aukera bikaina zuen Zilarrezko LEB mailarako finalerdietarako sailkapena, izan ere, Larrean jokatzen zuten bi partidak, eta Mikel Garitaonandiaren mutilek ez zuten hutsik egin, eta Carrefour El Bulevar Avila menderatzea lortu zuten.

Lehen partidan, ostiralean, 76-61eko emaitzarekin nagusitu ziren, nahiz eta markagailuan aurretik hasi zuten kanpotarrek (14-20). Bigarren laurdenean, etxekoek markagailua irauli, eta atsedenaldira aurretik heltzea lortu zuten (36-33). Bigarren zatian, Zornotzako taldeak jokoa kontrolatzen jarraitu zuen, eta apurka, apurka aldeak handituz garaipen berri bat lortu zuten, hein batean Vucetic eta Cadoten lanari esker, hurrenez-hurren 19 eta 17 puntu saskiratu baitzituzten.

Zornotza ST 76 - 61 Carrefour El Bulevar Avila

Atzo, igandea, bizkaitarrek kanporaketa erabakitzeko aukera zuten, eta 74-69ko emaitzarekin menderatuta, hala egin zuten. Partida berdintsua izan zen, nahiz eta atsedenaldira bost puntuko abantaila lortu zuten (38-33). Hirugarren laurdenean aldeak handitzea lortu, eta azken laurdena markagailuan 60-50 aurretik zirela hasi zuten. Azken laurdenean, gauzak erabat berdindu, eta bi minuturen faltan puntu bateko abantaila soilik zituzten (68-67). Orduan, bizkaitarrek, lanean jarraitu, eta garaipena lortu zuten, lau jokalarik hamar puntuko langa gainditu eta gero, horrela lortu dute bizkaitarrek finalerdietarako sailkapena. Berau Coviran Granadaren aurka jokatu beharko dute.

Zornotza ST 74 - 69 Carrefour El Bulevar Avila