Retabet.es GBC Melillan garaipena ospatzen (argazkia: @RicardoUriz6)

Retabet.es GBC ACBra itzultzetik garaipen batetara

Retabet.es GBCk asteburu honetan lor dezake berriz ACB mailarako itzulera, Melillan 76-78 irabazi eta Cafes Candela Breoganek Saenz Horeca Araberriren aurka 86-84 galdu eta gero.

Donostiarrak Melillan Gasteizeko emaitzaren berri zutela zelairatu ziren, izan ere, larunbatean Arturo Alvarezen mutilek igoera lortzeko hautagaia den Cafes Candela Breogan menderatzea lortu zuten. Partidaren hasieratik arabarrak aurretik izan ziren markagailuan, batez ere bigarren laurdeneko 26-16ko partzialari esker. Horrela, atsedenaldira hamar puntuz goitik iritsi ziren (49-39), eta bigarren zatian abantaila ongi mantentzen jakin zuten. Galiziarrek azken minutuetan partida estutzea lortu arren, arabarrek ongi eutsi zien, batez ere, Johnny Berhanemeskelen 26 puntu eta Zaid Heartsen 19 puntuei esker.

Saenz Horeca Araberri 86 - 84 Cafes Candela Breogan

Igandean, Melillan, partida etxekoen nagusitasunarekin hasi zen eta 21-18ko partzialarekin aurreratu ziren etxekoak. Bigarren laurdenean donostiarren erreakzioa heldu zen, eta horrela partida berdintzea lortu zuten, atsedenaldira 40nako berdinketarekin helduz. Bigarren zatian heldu zen gipuzkoarren unerik txarrena, izan ere erasoan ataskatu egin ziren, eta melillarrek bost puntuko abantaila lortu zuten. Denboraldi honetan Retabet.es GBCk erakutsi duen ezaugarrietako bat, ordea, lehiatzeko duten gaitasuna da, eta hori erakutsi zuten beste behin. Azken minutuetan lehiakorrak izan, eta markagailua iraultzea lortu zuten. Etxekoek partida berdindu, eta luzapenera joateko aukera izan bazuten ere, baloia ez zen saskian sartu, garaipena donostiarrentzat izan zelarik. Aleks Simeonov izan zen donostiarren saskiratzailerik onena, jokatutako hogei minutuetan hogei puntu saskiratuta.

Melilla Baloncesto 76 - 78 Retabet.es GBC