Lointek Gernika Bizkaia - Lacturale Araski (argazkia: gernikasaski.com)

Araskik lortu du lehen garaipena, eta IDKk ezin Ferrolen irabazi

Atzoko jardunaldia gordetzeko modukoa izan zen, izan ere hiru Liga Femeninako hiru euskal taldeak Liga irabazteko Play Offak jokatzen aritu baitziren. Partidarik garrantzitsuena Malosten jokatu zuten Lointek Gernika eta Lacturale Araskiren artean.

Bizkaitarren eta arabarren arteko partida, etxekoen nagusitasunarekin hasi zen, non Mario Lopezen neskek lehen laurdenean markagailuan aurrea hartzea lortu zuten, zazpi puntuz goitik jarriz (21-14). Bigarrengoan, ordea, Madelen Urietaren neskek presioa kendu, eta markagailua iraultzea lortu zuten, atsedenaldira bost puntuz goitik helduz (30-35).

Bigarren zatian, berriz ere etxekoek jokoaren kontrola bereganatu, eta hobeto aritu ziren, berriz ere markagailuan aurrea hartuz. Azken laurdena 59-57ko emaitzarekin hasi zuten, eta berriz ere arabarrak nagusitu ziren, eta apurka apurka markagailua irauli, eta lehen partidan garaipena lortu zuten. Bigarren partida larunbatean 19:30etan izango da Mendizorrozan, eta bertan izango dira ETBko kamarak ere.

Lointek Gernika Bizkaia 61 - 64 Lacturale Araski

IDK Gipuzkoak bere aldetik ezin izan zuen Star Center Uni Ferrol mendean hartu, eta 60-68ko emaitzarekin galdu zuten. Azu Muguruzaren neskak beti markagailuan atzetik izan ziren, lehen laurdena 19-10 amaitu zutelarik. Donostiarrek ezin izan zuten partidako erritmoa hartu, eta atsedenaldira 37-25 atzetik ziren markagailuan. Bigarren zatian aldeak 16 puntutara igo ziren, baina donostiarrek lanean jarraitu, eta berau sei puntutara murriztea lortu zuten. Halere, egindako ahalegina handia izan zen, eta ezin izan zuten gehiago hurbildu, hein batean, izan zituzten portzentaiengatik (Hirukoetan 1 saskiratu zuten 13 ahaleginetatik). Bigarren partida igandean izango da, 12:00etatik aurrera Josean Gasca Kiroldegian, eta bertan ere izango dira ETBko kamarak.

Star Center Uni Ferrol 68 - 60 IDK Gipuzkoa