Tabirako Baque - Bilbao Unamuno (argazkia: unamunosk.com)

Easo 99 Aitzgorrik garaitezin darrai

Lidertzarako partidarik garrantzitsuenaren atarian, lehen hiru sailkatuek ez zuten hutsik egin, eta euren postuak mantentzen dituzte beste aste batez. Easo 99 Aitzgorrik bolada onean darrai, eta zazpigarren jardunaldian, zazpigarren garaipena erdietsi zuen Electro Alavesa Araberriren aurka (69-51). Partidaren hasieratik kontrolpean izan zuten, eta Ivan Martinezen mutilak atsedenaldirako 14 puntuko abantaila zuten (37-23). Bigarren zatian, abantailak mantentzeari ekin zien, nahiz eta arabarrek ez zuten sekula amore ematen.

Bigarren postuan da, porrot batekin, Bilbao Unamuno, Tabirako Baque 69-28ko emaitzarekin menderatu eta gero. Durangarrek ongi eutsi zien lehen laurdenean (17-16), baina hurrengo hiruretan, soilik launa puntu saskiratu zituzten, hein batean etxekoen defentsako lan bikainari esker. 12 puntu horiei, etxekoek 52 punturekin erantzun zien, garaipen eroso bat lortuz.

Lauko finalean sartzeko lehian, Mondragon Unibertsitatea Ak garaipen bateko abantaila izaten jarraitzen du, nahiz eta aste honetan Fundación 5+11 Aren aurka galdu duten (62-75). Gasteiztarrek bigarren zatira itxaron behar izan zuten partida apurtzeko, izan ere lehen zatia nahikoa berdindua joan zen (32-33). Bigarren zatian, ordea, 30-42ko partzialarekin kanpotarrek partida apurtzea lortu zuten..

Glual Hydraulics ISB eta Ziorkontrol Getxosaski abantaila lortu dute

A2 amaitzeko hiru jardunaldiren faltan, Glual Hydraulics ISB eta Ziorkontrol GEtxosaskik bi garaipeneko abantaila dute atzetik dituzten taleekiko. Azpeitiarrek Easo Elkar Autocares 75-63 menderatzea lortu zuen, eta donostiarrak dira hirugarren postuan bi garaipenetara daudenak.

Bere aldetik, bizkaitarrek ZAST Zarautz ZKEren zelaian irabazi zuten 50-52ko markagailu estuarekin, eta jardunaldia Loiola Indautxu 99/00ren garaipenarekin amaitu da. Hauek ere markagailu estuarekin menderatu zuten oraindik garaipenik lortu ez duen Fundacion 5+11B.