Easo 99 Aitzgorri - Bilbao Unamuno (argazkia: unamunosk.com)

Easo 99 Aitzgorrik eskuratu du lauko finalerako txartela

Easo 99 Aitzgorrik beste aste batez lidertzan darrai, eta jada ziurtatu du Lauko Finalerako sailkapena, Tabirako Baque 44-71eko emaitzarekin menderatu eta gero. Donostiarrek 10-23ko partzialarekin ekin zioten partidari, eta bigarren laurdenean durangarrek hobetu ondoren, atsedenaldira 26-37ko emaitzarekin heldu ziren. Bigarren zatian, kanpotarrek hobetu, eta aldeak ia hogei puntutara igo zituzten (36-55), azken laurdenean partida erabat apurtzeko.

Bigarren posturako lehian, Bilbao Unamunok Fundacion 5+11 menderatzea lortu zuen 35-69ko emaitzarekin, eta orain bi garaipeneko eta averageko aldea dute bilbotarrek arabarrekiko. Kanpotarrek ongi ekin zioten partidari, eta lehen laurden amaieran 4-19 aurretik ziren, atsedenaldira 14-32ko emaitzarekin heldu ziren. Bigarren zatian, Bilbao Unamunok 9-23ko partzialarekin azken kolpe erabakiorra eman zuten.

Jardunaldia martxoaren 4ean amaituko da, Electro Alavesa Araberri eta Mondragon Unibertsitatearen arteko partidarekin.

Zast Zarautz ZKEk Easo Elkar Autocares ezustean garaitu zuen

Liderra orain bi talderena da Easo Elkar Autocaresen porrotaren ondoren. Donostiarrek 57-60ko emaitzarekin galdu zuten Zast Zarautz ZKEren aurka, eta orain GLual Hydraulics ISB eta Ziorkontrol Getxosas dira lidertzan, hurrenez-hurren Loiola Indautxu (53-77), eta Fundacion 5+11 B (58-60) mendean hartu eta gero.

Lau jardunaldiren faltan, azpeitiarrek eta getxoztarrek garaipen bateko aldea dute igoerarako, hiru talderena dirudien igoerako lehia.