Paules Soteraren garaipena (argazkia: barakaldodigital.com)

Goikaldeko taldeek ez dute huts egiten

Lehen postuei dagokionez, trantsiziozko jardunaldia izan da, izan ere lehen lau sailkatuek irabazi zuten, eta euren arteko aldeak mantentzen dira.

Tabirako Baque liderra 64-57ko emaitzarekin nagusitu zen GDKO Ibaizabalen aurka, lehen postuei begira arerio zuzen dan taldearen aurka hain zuzen ere. Galdakaoztarrek ongi kontrolatu zuten partida lehen minutuetan, eta atsedenaldira 28-35eko emaitzarekin heldu ziren. Bigarren zatian, aldeak murriztu zituzten, eta bi puntutara kokatu ziren (47-49), baina azken laurdenean, 8-0eko partzialarekin hasi zuten durangarrek, eta horri esker aurrea hartu zuten, azken minutuetan garaipena lortuz.

Bigarren postuan hiru talde dira berdindurik, eta bertan lehena Hernani Tecnun SD da, Erroibide Irun 64-49 menderatu eta gero. Partida ez zen ongi hasi etxekoentzat, eta irundarrak 11-17 aurretik ziren. Apurka-apurka, etxekoak jokoaren kontrola bereganatzen hasi, eta bigarren eta hirugarren laurdenean partida berdintzea lortu zuten, azken laurdena puntu batez goitik hasita (38-37). Azkenengoan, ordea, 26-12ko partzialarekin partida erabat apurtzea lortu zuten, eta azkenean garaipen eroso bat erdietsi zuten.

Goierri Quaker hirugarren postuan da, garaipen landu bezain sufritu bat lortu eta gero Cosecha 1986ren aurka (72-73). Urretxuarrentzat ongi hasi zen partida (13-22), baina apurka-apurka etxekoak aldeak murrizten joan ziren, azken laurdnea 54nako berdinketarekin hasiz. Orduan, 2-11ko partzialari esker aurrea hartu zuten gipuzkoarrek, eta horri esker azken minutura aurretik izan ziren. Arabarrek partida berdintzeko aukera izan bazuten ere, bi jaurtiketa libreetatik bakarra saskiratu zuten, eta horri esker garaipena gipuzkoarrentzat izan zen.

Arri BKL da laugarren postuan, azken sailkatua den Padura 87-56ko emaitzarekin mendean hartu eta gero. 26-16ko partzialari esker, hasieratik apurtu zuten partida gipuzkoarrek, eta aldeak handitzen joan ziren, gehienez 34 puntuko abantaila izan zutelarik (73-39). Arrigorriagakoak, orduan gai izan ziren gipuzkoarren erasoa gelditzeko, eta aldeak mantentzea lortu zuten.

Rodamientos Ariztik garaipen garrantzitsua erdietsi zuen sailkapeneko erdikaldean mantentzeko, Alo˝a Mendi KE 73-78ko emaitzarekin menderatu eta gero. Lehen zatia berdintsua izan zen, eta bertan etxekoak heldu ziren aurretik 36-34ko emaitzarekin. Bigarren zatian, o˝atiarrek berdin jarraitu zuten, eta azken laurdena 56-51 aurretik zirela heldu ziren. Azken laurdenean, ordea, partida berdindu zuten kanpotarrek azken bi minutuetan, eta orduan, bi hirukori esker markagailua irauli zuten (70-75) azkenean garaipen berri bat lortuz.

Salleko Renault Autonervionek garaipen berri bat erdietsi du, oraingoan Hotel Gran Bilbao Berrio Otxoaren aurka 56-51eko emaitzari esker. Garaipen honekin, ezkerraldeko taldeak sailkapenaren beheko aldetik apur bat hurruntzea lortu du, defentsak erasoen gainetik izan zen partidan. Etxekoek, ordea, azken minutuetan fin jokatzen jakin zuten, denboraldiko bosgarren garaipena lortuz.

Beheko postu horietatik ere ihes egin nahian da Paules Sotera, 47-63ko emaitzarekin Urdaneta mendean hartu eta gero. Partidak bi zati ezberdin izan zituen, non lehenengoan kanpotarrak nagusi izan ziren atsedenaldira 20-31ko emaitzarekin helduz. Bigarren zatian, etxekoek partida 42na berdintzea lortu zuten, eta azkenean kanpotarrek 5-21eko partzialarekin partida irabaztea lortu zuten.