Gernika KESB (argazkia: gernikasaski.com)

Autocares Ulacia ISBk sendo darrai lehen postuan

Autocares Ulacia ISB garaipenak pilatzen darrai, eta hirugarren partidan, hirugarren garaipena erdietsi zuen 42-70ko emaitzarekin Kirolak Araba menderatu eta gero. Lehen laurdenetik aurrea hartu zuten markagailuan (13-18), eta aldeak handitzen joan ziren laurdenak aurrera joan ahala. Azkoitiarrak lau laurdenetan nagusitu ziren.

Bigarren postuan da Mondragon Unibertsitatea, nahiz eta aurreko astean galdu, asteburuan La Salle Bilbao 53-63 mendean hartzea lortu zuen. Lehen zatian apurtu zen partida, izan ere arrasatearrak hamazazpi puntuko abantailarekin heldu ziren atsedenaldira, bigarren zatian aldeak mantenduz.

Jardunaldia Gernika KESBen garaipenarekin amaitu da, 67-59ko emaitzarekin Easo ATE Asesores mendean hartu eta gero. Donostiarrek ez dute garaipenik lortu, nahiz eta asteburuan partida ongi hasi zuten, eta lehen laurden amaieran 18-24 aurretik ziren. Bigarren laurdenean, 20-7ko partzialarekin markagailua irauli zuten bizkaitarrek (38-31), eta abantaila hori bigarren zaitan handiegia izan zen, nahiz eta hiru puntutara hurbildu ziren (56-59), ezinezkoa egin zen berau iraultzea donostiarrentzat.

Garoa Digital Araski sailkapeneko gorenean

Garoa Digital Araskik asteburuan bi garaipen erdietsi zituen, lehena Tabirako Baque Aren aurka 61-70ko emaitzarekin, eta bigarrengoa Esasa Araskiren aurka, aurreratutako partida 47-40ko emaitzarekin. Horrenbestez, lidertzan da lau garaipenekin, beste horrenbeste partidatan.

Porrota ezagutu gabe da Loiola Indautxu, 37-43ko emaitzarekin Esasa Araskiren zelaian irabazi ondoren.

Jardunaldia Tipo 90 Askatuaken garaipenarekin amaitu da 76-61eko emaitzarekin Paules Dyper Uniformes mendean hartuta, faseko lehen garaipena lortuz.