Autocares Ulacia ISB - Easo ATE Asesores (argazkia: noquierovivirsinbasket.blogspot.com.es)

Autocares Ulacia ISB garaitezin bakarra

Autocares Ulacia ISB geratu da bakarrik garaitezin bakarra bigarren jardunaldiaren ondoren, eta gainera, asteburuan Gernika KESB eta Mondragon Unibertsitatearen arteko laugarren jardunaldiko partida aurreratu da.

Azkoitiarrak 65-45 nagusitu ziren Easo ATE Asesoresen aurka. Etxekoak lehen zatian kontrolpean izan zuten partida, eta atsedenaldira hamabost puntuko abantailarekin heldu ziren (34-19). Bigarren zatian aldeak murrizten joan ziren, eta batez ere kanpotarrek hirugarren laurdenean 0-11ko partzialarekin aldeak murriztea lortu bazuten ere, azkenengoan 9-0eko partzialarekin aldeak hogei puntutara igo zituzten azkoitiarrek.

Mondragon Unibertsitateak 64-32ko emaitzarekin lortu zuen garaipenarekin hasi zuen asteburua Kirolak Arabaren aurka. Lehen unean arabarrak nagusitu ziren markagailuan, baina 21-4ko emaitzarekin, arrasatearrek markagailua irauli, eta hirugarren laurdenean 20-5eko partzialarekin partida apurtzea lortu zuten.

Arrasatearrek bigarren partida bat izan zuten laugarren jardunaldian Gernika KESBen aurka jokatu beharreko partida aurreratu baitzuten. 64-63ko emaitza estuarekin galdu zuten atsedenaldira 29-27ko emaitzarekin heldu ziren partidan. Bigarren zatian, bizkaitarrek aldeak hamahiru puntutara handitu bazituzten ere (59-46, 34.min), arrasatearrek aldeak murriztu, eta garaipena lortzeko aukerak izan zituzten.

Bizkaitarrek, ordea, asteburuan izandako partidan ere garaipena erdietsi zuten La Salle Bilbaoren zelaian (32-59). Bizkaitarrek lehen zati bikain bati esker hogei puntuko abantaila lortu zuten, eta bigarren zatian berau mantentzeari ekin zioten.

Loiola Indautxu eta Garoa Digital Araski A2ko gailurrean

Loiola Indautxu talde bilbotarra eta Garoa Digital Araski arabarrak dira A2ko lidertzan. Lehenak 61-57 nagusitu ziren Tabirako Baque Aren aurka, eta arabarrak, aldiz, 78-43 nagusitu ziren Paules Dyper Uniformesen aurka.

Jardunaldia Esasa Araskiren garaipenarekin amaitu da, 49-46ko emaitzarekin Tipo 90 Askatuak menderatu eta gero.