Ibaeta Easo DBN (argazkia: easosb.com)

Ibaeta Easo DBN garaitezin bakarra bi jardunaldiren ondoren

A1ean berdintasun asko da bi jardunaldiren ondoren, Ibaeta Easo DBN baita garaitezin dagoen bakarra 59-66ko emaitzarekin Aranur ISBren zelaian irabazi eta gero. Donostiarrek ongi hasi zuten partida, 11-16ko emaitzarekin amaitu baitzuten lehen laurdena. Atsedenaldira 30-32 aurretik ziren, eta bigarren zatian, donostiarrek defentsan hobeto egon ziren, eta horri esker zazpi puntuko abantaila erdietsi zuten, eta berau azken laurdenean ongi kontrolatu ere.

Electro Alavesa Araski da bigarren sailkatua Tabriako Baque Aren aurka lehen garaipena erdietsi ondoren. 75-46 nagusitu ziren arabarrak, lehen laurdenetik jada aldeko ipini zitzaien partidan. Hamaseigarren minutuan, 35-15 aurretik ziren, eta hurrengo hiru laurdenetan aldeak handitzea lortu zuten.

Gernika KESBek ere lehen garaipena erdietsi zuen, oraindik garaipena ezagutzen ez duen La Bolsa Generosa Arabaren aurka 48-64ko emaitzarekin. Hasierako 8-28ko partzialarekin aldeko ipini zuten paritda gernikarrek, eta atsedenaldira 19-46 aurretik ziren. Bigarren zatian, intentsitatea jaitsi ondoren, aldeak murriztea lortu zuten arabarrek, azkenean hamasei puntuko abantailarekin amaituz.

Loiola Indautxu eta San Viator A2ko lider

Maila mantentzeko lehian Loiola Indautxu eta San Viatorrek aurrea hartu dute bigarren garaipena lortu eta gero. Bilbotarrak 50-65 nagusitu ziren Bera Beraren zelaian, lehen laurdenetik aurrea hartu zuten partidan (13-20) eta apurka-apurka aldeak handitzen joan ziren. Arabarrak, aldiz, 62-50 irabazi zuten Construcciones Zamakoaren aurka, lehen minutuetatik 17-7 aurrea hartu baitzuten.

La Salle Bilbaok bere aldetik, lehen garaipena lortu zuen Atletico San Sebastian Anie Tecnunen aurka 46-50ko emaitzarekin. Kanpotarrek lehen minutuetatik aurrea hartu zuten, eta amaierara ongi bidaratuta bazuten ere (41-50 lau minuturen faltan), donostiarrek ia irauli zuten norgehiagoka.