Electro Alavesa Marianistas (argazkia: dxtmarias.com)

Garaitezin jarraitzen duen liderraren garaipen erosoa

Beste aste batez, Fundacion 5+11k lidertzan darrai, zortzigarren jardunaldian zortzigarren garaipena lortu ondoren. Aste honetan 55-87ko emaitzarekin, Mungia SKren zelaian irabazi zuten, lehen laurdenetik Ortunen mutilek jada zazpi puntuko abantaila lortu zutelarik (14-21). Atsedenaldira hamabi puntuko abantailarekin heldu ziren (36-48), eta hirugarren laurdenean 7-20ko partzialarekin partida jada erabakita utzi zuten.

Biok2.com OKE da bigarren sailkatua, 83-91eko emaitzarekin Universidad Deusto Loiola Ind.ren zelaian irabazi eta gero. Atsedenaldira bilbotarrak lau puntuz goitik baziren ere (39-35), azken laurdena sei puntuko abantailarekin ekin zioten (66-60), baina berehala berdindu zuten gipuzkoarrek. Azken minutura aurretik heldu ziren etxekoak (80-78), baina azken hirurogei segundoetan, ordiziarrek 3-13ko partziala erdietsi, eta garaipena lortu zuten.

Tabirako Baquek berriz garaipena erdietsi zuen Electro Alavesa Marianistasen aurka, 60-70ko emaitzarekin irabazi eta gero. Partida lehen zatian berdinduta joan zen, atsedenaldira 30-34ko emaitzarekin heldu zelarik. Bigarrengoan, durangarrek hasiera hobea izan zuten, eta 9-20ko partzialarekin markagailuan aurrea hartu zuten, azken laurdena 39-54ko emaitzarekin helduz. Azken laurdenean aldeak mantendu zituzten, eta horri esker garaipena lortu zuten.

San Cernin BNCk ere irabazi zuen, 70-59ko emaitzarekin irabazi eta gero. Partida hasieran berdindurik joan zen partida, eta lehen laurdena 13nako berdinketarekin amaitu zelarik. Bigarren zatian, ordea, etxekoek sei puntuko abantaila erdietsi zuten, eta atsedenaldiaren ondoren, nafarrek partida apurtzen joan ziren, hirugarren laurdena 52-39ko emaitzarekin amaituz. Azken laurdenean, bilbotarrek aldeak murriztea lortu zituzten, nahiz eta nafarrek ongi eutsi zien abantailari.

Disdira Bixitegia ISBk bolada onean darrai, eta hirugarren garaipena erdietsi zuen jarraian Burlada i3i 77-72ko emaitzarekin menderatu eta gero. Partida berdindurik joan zen lehen zatian, nahiz eta gipuzkoarrek 44-41 aurretik amaitu zuten. Bigarren zatian, azpeitiarrak ongi ekin zien, abantaila bederatzi puntutara igoz (67-58), eta azken laurden hasieran berau hamalau puntutara igo zituzten (72-58). Halere, kanpotarrek aldeak murriztu, eta hiru puntutara gerturatu ziren (75-72), baina bi jaurtiketa libreei esker, eta defentsa onari esker garaipena lortu zuten.

Getxo SB 75-40ko emaitzarekin nagusitu zen Cafes Aitona Askatuaken aurka. Bizkaitarrek hasieratik kontrolatu zuten partida, eta lehen laurdenean 21-10 aurretik ziren, eta atsedenaldira 36-24koarekin heldu ziren. Hirugarren laurdenean, 28-2ko partzialarekin partida erabat apurtu zuten.

Jardunaldia Atletico San Sebastianen garaipenarekin amaitu da, 72-58ko emaitzarekin Askartza Claret Satwind menderatu eta gero. Lehen laurden amaieran, donostiarrak 20-8 aurretik ziren, baina atsedenaldira aldeak zazpi puntutara murriztu zituzten bizkaitarrek (32-25). Bigarren zatian, etxekoek 23-11ko partzialarekin aldeak hamar puntutara igo zituzten, eta berau hogei puntutara ere igo zituzten (72-52).