Tabirako Baque (argazkia: @TabirakoBaqueST)

Fundacion 5+11 eta Tabirako Baquek garaitezin darraite

Fundacion 5+11k garaipena erdietsi zuen Atletico San Sebastianen zelaiana 59-53ko emaitzarekin. Jardunaldiko partidarik interesgarriena izan zen, non arabarren defentsa onak lehen zatia 31-20 aurretik amaitzea ahalbideratu zien. Bigarren zatian, donostiarrek hobetu zuten euren jokoa, eta hiru puntutara hurbildu baziren ere (54-51), ezin izan zuten markagailua erabat irauli.

Tabirako Baque da lidertzan ere 52-61eko emaitzarekin Cafes Aitona Askatuaken zelaian irabazi eta gero. Lehen laurdena ongi ekin zioten donostiarrek (20-13), eta bigarrengoan durangarrek 4-16ko partzialarekin iraultzea lortu zuten. Bigarren zatian, partida berdindu bazen ere, azken bost minutuetan sendo aritu ziren durangarrak, eta horri esker garaipena erdietsi zuten.

San Cernin BCNk 88-61 menderatu zuen Electro Alavesa Marianistas. Nafarrek ongi kontrolatu zuten partida, eta arabarrek ezin zuten etxekoen erritmo altua berdindu.

Unamunok garaipena erdietsi zuen Disdira Bixitegia ISBren aurka 75-67ko emaitzarekin. Bigarren laurdenean ipini zen partida bizkaitarren alde, izan ere atsedenaldira 39-33ko emaitzarekin. Hirugarren laurdenean abantaila 17 puntutara igo zen (59-42), eta azken laurdenean azpeitiarrek aldeak murriztea lortu bazuten ere, ez zen nahikoa izan garaipena lortzeko.

Biok2.com OKEk Getxo SB menderatu zuen 91-78ko emaitzarekin. Atsedenaldira 44-35eko emaitzarekin heldu ziren, eta bigarren zatian berdindu zen. Getxoztarrek hirugarren laurden on bati esker 60nako berdinketa ezarri zuten markagailuan, baina azken laurdenean etxekoek saskiratutako 31 puntuak berdindu ezinak izan ziren bizkaitarrentza.

Jardunaldia Mungia SK eta Askartza Claret Satwinden garaipenekin amaitu da. Lehenek 62-67 menderatu zuten Universidad Deusto Loiola Ind. joan etorriko partida batean. Azken laurdenean, kanpotarrek markagailua irauli zuten, hein batean 11-21eko partzialari esker.

Bere aldetik, Askartza Claret Satwindek Burlada I3I 66-61eko emaitzarekin mendean hartzea lortu zuen. Bigarren laurdenean etxekoek zortzi puntuko abantaila erdietsi zuten (37-29), eta bigarren zatian berau mantenduz garaipen erosoa erdietsi zuten.