Saenz Horeca Araberriko Levesque (argazkia: Jull Roc)

Saenz Horeca Araberri eta Zornotza STren garaipenak

Saenz Horeca Araberrik bolada onean darrai 82-68ko emaitzarekin Brico Depot Ciudad de Valladolid mendean hartu eta gero. Arabarrak bakarrik geratu dira bigarren postuan, hasieratik aurrea hartu zuten partida irabazi eta gero. Atsedenaldira lau puntuz goitik ziren (35-31), baina bigarren zatian erraztasunez nagusitu ziren. Mirza Bullic 27 puntu eta 9 erreboterekin izan zen arabarren jokalaririk onena, eta baita jardunaldikoa, 34 puntuko balorazioarekin jardunaldiko MVPa izan baita.

Saenz Horeca Araberri 82 - 68 Brico Depot Ciudad de Valladolid

Etxean, Sammic ISBk ezin izan zuen garaipena erdietsi, eta igoera zuzena lortzeko lehiatik hurrundu dira, Aceitunas Fragata Moronen aurka 67-78ko emaitzarekin galdu eta gero. Azpeitiarrek ongi ekin zien partidari, baina bigarren laurden amaieran gauzak zaildu, eta 34-43ko emaitzarekin heldu ziren atsedenaldira. Bigarren zatian, andaluziarrak aurretik mantendu ziren, eta azken minutuetan gipuzkoarrek euren hutsegiteak garesti ordaindu zituzten. Nikolas Skouen 22 punturekin azpeitiarren saskiratzailerik onena izan zen.

Sammic ISB 67 - 78 Aceitunas Fragata Moron

Garaipen garrantzitsua erdietsi zuen Zornotza STk Fundacion Lucentumen zelaian 71-76ko emaitzarekin. Horrela, Mikel Garitaonandiaren mutilak beheko postuetatik ihes egiten dute, eta gainera bederatzigarren postura begira dira, playoffetara hain zuzen ere. Bizkaitarrak partida estu bat irabaztea lortu zuten, nahiz eta azken minutura bat behetik heldu ziren (71-70). Barneko jokalari diren Nkaloulou eta Wolfen lau puntuk, eta defentsa onari esker markagailua irauli zuten, eta azkenik Salazarren bi saskiratze librek ezarri zuten azken emaitza. Ander Arruti 15 punturekin izan zen saskiratzailerik onena.

Fundacion Lucentum 71 - 76 Zornotza ST