Liderraren porrota (argazkia: askatuak.com)

Tecnun SDk liderraren bolada ona apurtu du

Cafes Aitona Askatuakek lidertzan darrai beste aste batez, nahiz eta bere bolada ona apurtu duen Tecnun SDk. 78-74ko emaitzarekin amaitu zen partida, nahiz eta kanpotarrek ongi ekin zioten partidari partidaren kontrola bereganatu eta gero. Atsedenaldira hamar puntuz goitik heldu baziren ere (32-42), bigarren zatian etxekoen erreakzioa heldu, eta aldeak murrizten joan ziren, Altunaren jaurtiketa libreek partida 69na berdindu zuten arte. Luzapenean, etxekoek ongi hasi zuten, eta aurrea hartzea lortu zuten, eta horri esker garaipena erdietsi zuten.

Orain bigarren sailkatua da Carnicas San Marcial Erroibide Irun, bederatzigarren garaipena erdietsi eta gero jarraian. Oraingoan Hotel Gran Bilbao Berrio Otxoa menderatu zuten 56-51eko emaitzari esker, lehen laurdenetik kontrolatu zuten partidan. Aldeak 14 puntukoak baziren ere (52-38), ez zuten apurtzea lortzen, eta batez ere Santutxukoek amore ematen ez zutenlako. Azkenean luzapenera heltzetik hurbil izan ziren, amaieran lortutako 0-5eko partzialarekin.

Mungia SK hirugarren postura jaitsi da Urdanetaren aurka 64-60ko emaitzarekin galdu eta gero. Lehen hiru laurdenetan partidan aurretik joan baziren ere (40-45), azkenengoan etxekoek partidaren erritmoa bereganatu, eta 13-2ko partzialarekin markagailuan aurrea hartu, eta garaipena lortu zuten.

Goierri Verkol eta Natra Oņati Aloņa Mendik aukera polita galdu dute goikaldeko postuetara hurbiltzeko, izan ere Jumar Gasteiz eta Salleko Renault Autonervionen aurka galdu dute hurrenez-hurren.

Araban, Jumar Gasteiz 62-57ko emaitzarekin nagusitu zen Goierri Verkolen aurka, partidaren azken minutuetan markagailua irauli eta gero. Hiru minuturen faltan bederatzi puntuz galtzen baziren ere (46-55), 14-0eko partzialari esker, markagailua irauli eta garaipena lortu zuten arabarrek.

Bestalde, Salleko Renault Autonervionek Natra Oņati Aloņa Mendi 65-55eko emaitzarekin mendean hartzea lortu zuen. Atsedenaldira partida berdindurik heldu bazen ere, bigarren zatian etxekoen aldeko ipintzen hasi zen, eta markagailuan aurretik zirela, jokoa kontrolatzen hasi eta defentsako lanarekin oņatiarrei irabaztea lortu zuten.

Beheko postuetatik ihes egiteko lehian, Leioa SBT eta La Trattoria Napoletana Barrena Berri STk garaipen garrantzitsuak erdietsi zituzten. Lehenengoek 71-70ko emaitzarekin Paules Barakaldo mendean hartu zuten, lehen hiru laurdenak ongi kontrolatu ostean (56-46). Azkenengoan, markagailua irauli zuten kanpotarrek bost minuturen faltan (58-59). Partida ere zail jarri zitzaien etxekoei (66-70), baina azken minutuan lortutako 5-0eko partzialarekin, eta Peņaren hirukoarekin, garaipena etxean geratu zen.

Bestalde, La Trattoria Napoleta Barrena Berri STk Portugalete OSK mendean hartzea lortu zuen 48-65eko emaitzarekin. Kanpotarrek garaipena bigarren laurdenean egindako lanean oinarritu zuten, atsedenaldira aurretik heltzea ahalbideratu zielarik. Bigarren zatian, partida erabaki zuten, azken postuan den taldearen aurka.