Cafes Aitona Askatuak (argazkia: askatuak.com)

Cafes Aitona Askatuakek jartzen du erritmoa

Cafes Aitona Askatuakek sailkapenaren goikaldean darrai Paules Barakaldo 74-64ko emaitzarekin mendean hartu eta gero. Donostiarrak atsedenaldira aurretik heldu baziren ere, bizkaitarrek ez zuten amore ematen (39-38), baina bigarren zatian indarrak galtzen joan ziren, eta Ormaetxearenek egindako hirugarren laurdenarekin (16-9) markagailuan abantaila hartzea ahalbideratu zien. Halere, azken laurdenean kanpotarrak hiru puntutara kokatu baziren ere (61-58), donostiarren erreakzioarekin garaipena etxean gelditu zen.

Bigarren postua Mungia SKrentzat da, 82-61eko emaitzarekin Portugalete OSK mendean hartu eta gero. Horrela, liderratik garaipen batetara dira, partida guztian zehar nagusi izan ostean, garaipen berri bat erdietsi baitzuten. Gakoa euren erregulartasuna izan zen, izan ere, garaipen bakarra duen azken sailkatua ez zen erregularra izan.

Hirugarren eta laugarren postuan bakarrik geratu dira Goierri Verkol eta Carnicas San Marcial Erroibide Irun, biek urteko lehen jardunaldian irabazi ostean. Urretxukoek Renault Autonervion Salleko menderatu zuten 75-45eko emaitzarekin, lehen laurdenaren ostean jada 22-6 aurretik ziren partidan, eta minutuak aurrera joan ahala aldeak handitzen joan ziren.

Bestalde, Irundarrek Urdaneta menderatzea lortu zuten, 55-62ko emaitzari esker. Partida azken laurdenean erabaki zen, lehen hiruren ostean 45-46ko emaitzarekin amaitu baitzuten. Azken laurdenean izandako hasiera onari esker, gipuzkoarrek aurrea hartu zuten markagailuan, eta bi minuturen faltan zortzi puntuko abantaila zuten.

Jumar Gasteizek garaipena lortu zuen Tecnun SDren aurka 60-54ko emaitzarekin, eta horrela sailkapenean berdindurik gelditzen dira. Kanpotarrek ongi ekin zien partidari (16-21), baina atsedenaldira heldu aurretik, gasteiztarrek partida berdintzea lortu zuten (29-29), eta bigarrengo zati berdintsua eman zen. Partida amaitzeko hiru minuturen faltan, Beristainenak aurretik baziren ere (47-48), 8-2ko partzialarekin gasteiztarrek markagailua iraultzea lortu zuten, hein batean jaurtiketa libreei esker.

Natra Oņati Aloņa Mendik garaipena erdietsi zuen La Trattoria Napoletana Barrena Berriren zelaian 69-73ko emaitzarekin, eta porrot honekin, bizkaitarrak sailkapenaren behekaldean geratzen dira bi porroteko aldearekin.

Jardunaldia Hotel Gran Bilbao Berrio Otxoaren garaipenarekin amaitu da Leioa SBT 59-48ko emaitzarekin nagusitu ostean. Partida lehiatua izan bazen ere, santutxukoak apurka-apurka aldeak handitzen joan ziren, eta partidaren une gehienetan aurretik joan izanak konfiantza eman zien, partidaren erritmoa kontrolatzeko, eta horrela garaipena lortzeko.