5+11 Fundazioa (argazkia: zuzenkipress)

CB Valle de Egüesen garaipena Tabirako Baqueren aurka

Jardunaldiko partidarik garrantzitsuena nafarroan jokatu zen, non CB Valle de Egüesek mendean hartu zuen Tabirako Baque, biak lidertzan zirelarik, eta orain, nafarrak dira lidertzan. Etxekoek lortu zuten garaipena 76-67ko emaitzari esker, lehen unetik Larrayaren mutilek aurrea hartu zuten markagailuan, eta lehen laurden amaieran zazpi puntuz goitik ziren (24-17). Bigarren laurden hasieran, durangarrek partida berdintzea lortu bazuten ere (26-26), etxekoen erreakzioa heldu, eta atsedenaldira sei puntuz goitik heldu ziren (40-34). Hirugarren laurdenaren hasieran, etxekoak nagusi izan ziren, eta CB Valle de Egüesek 13 puntuko aldea lortu zuten (52-39), eta alde horrekin amaitu zuten hirugarren laurdena. Azken laurdenean bizkaitarrak saiatu ziren aldeak murrizten, baina etxekoek hiruko marratik izandako portzentaiei esker lortu zuten garaipena, guztira lau hiruko saskiratu baizituzten laurden erabakiorrean.

Atletico San Sebastianek berriz ere garaipena erdietsi zuen Padura 95-61eko emaitzarekin mendean hartu eta gero. Lehen laurden berdintsu baten ostean, non bizkaitarrak hiru puntuz goitik heldu ziren (40-43), baina bigarren zatian, donostiarrek lehen hamar minutuetan 33-7ko partziala lortu, eta Comendadorren mutilek partidaren kontrola bereganatu, eta azken laurdenean aldeak 30 puntutan ezarri zituzten, garaipen erraza erdietsiz.

Lidertzaren atzetik hiru taldeko multzo bat dira, non bertan diren 5+11 Fundazioa eta Biok2.com OKE. Arabarrek 56-66 menderatu zuten Getxo SB, non lehen zatian jada Ortunen mutilek erabakita utzi zuten partida, 15-27ko partzialari esker, eta bigarren laurdenean aldeak igoz (18-35). Bigarren zatian etxekoak hobetu bazuten ere, eta laurdenak irabaztea lortu bazuten ere, ezin izan zuten aldeak hamar puntu psikologiko horietatik jaitsi, garaipena arabarrentzat izanik.

Biok2.com OKEk bestalde Disdira Bixitegia ISB arerio zuzena mendean hartzea lortu zuen 65-62ko emaitza estuari esker. Etxekoek lehen zati bikaina egin zuten, azpeitiarrei 20 puntutan utziz, eta atsedenaldira hamabi puntuko aldearekin helduz (32-20), amaieran erabakiorra izan zen aldea. Atsedenaldiaren bueltan Alex Astigarragaren mutilek hobetu bazuten ere, aldeak apurka-apurka murriztea lortu zuten, eta partida 54na berdindu zuten lau minuturen faltan. Tarte horretan, etxekoek berriz ere saskira begira ongi aritu ziren, eta garaipena lortu zuten amaiera estu batean.

Electro Alavesa Marianistasek garaipena lortu zuen Burladaren zelaian 65-73ko emaitzarekin. Etxekoek lehen zatian markagailuan aurretik izan baziren ere (43-33), arabarrek bigarren zatian erreakzionatu, eta markagailua iraultzea lortu zuten hirugarren laurdenean (52-55). Azken laurdenean, ordea, arabarrek berdin jarraitu zuten, eta garaipena lortu zuten batez ere azken hiru minutuetan izandako nagusitasunari esker.

Universidad Deusto Loiola Ind.k garaipena lortu zuen bilbotarren arteko derbian Centro de Estudios Mikeldi Unamuno 71-60ko emaitzarekin mendean hartu eta gero. Partida berdintsua hasi bazen ere (18-16), bigarren laurdenean Diezen taldeak aldeak apur bat handitzea lortu zuten (41-35). Bigarren zatian, partidak berdin jarraitu zuen, alde txikiekin markagailuan, eta partida azken laurdenean erabaki zelarik. Bertan, etxekoak nagusi izan ziren, partida kontrolatuz, eta horri esker lortu zuten garaipena.

Jardunaldia Askartza Clareten garaipenarekin amaitu da, 76-56ko emaitzarekin GDKO Ibaizabal mendean hartu eta gero. Kanpotarrek lehen zatian izandako kanpoko jaurtiketetan portzentaiak markatu zuen partida, izan ere lehen zatian horri esker aurretik heldu ziren atsedenaldira (29-32), bigarren zatian, ordea, etxekoen defentsari esker, jaurtiketak ez ziren sartzen, eta horri esker etxekoak hamar puntuz goitik jarri ziren, eta azken laurden hasierako 9-0eko partzialak partida erabat apurtu zuen.