Disdira Bixitegiak hirugarren garaipena lortu du

Hiru taldek garaitezin darraite

Laugarren jardunaldia jokatu ostean, hiru taldek darraite garaitezin, CB Valle de Egüesek bosgarren garaipena lortu du, Atletico San Sebastianek laugarrengoa, eta Disdira ISBk hirugarrengoa, zeinek Electro Alavesa Marianistasen aurka jokatzeko dauka partida bat.

Atletico San Sebastianek 69-53ko emaitzarekin mendean hartu zuen Universidad Deusto Loiola Ind. Donostiarrek ongi ekin zien partidari, eta 14-5eko partzialarekin jada aurretik ipini ziren markagailuan, nahiz eta bilbotarrek aldeak murriztu zituzten laurdenaren amaierarako (14-12). Bigarren laurdenean, berriz ere 9-0eko irteerarekin 11 puntuko abantaila erdietsi zuten donostiarrek, eta berriz ere bilbotarren erreakzioa heldu zen 2-10eko partzialarekin atsedenaldira bi puntuz behetik heltzeko (31-29). Hirugarren laurdenean, Comendadorren mutilek berriz ere aurrea hartu zuten markagailuan, 17 puntuko abantaila izan zutelarik, nahiz eta bilbotarren erreakzioari esker, laurdena hamar puntuz behetik amaitu zuten (50-40). Azken hamar minutuetan, etxekoak nagusi izan ziren, etaapurka apurka aldeak handitzen joan ziren amaierako 16 puntutako abantailera heldu arte.

Bere partetik, CB Valle de Egüesek mendean hartu zuen Askartza Claret, 59-52ko emaitzarekin. Partida 15-0eko partzialarekin hasi zen nafarrentzat, non lehen bost minutuetan leioakoek ezin izan zuten saskiratzerik lortu, eta laurdena 25-12koarekin heldu ziren. Bigarren laurdenean, bizkaitarren arazoak mantendu ziren, nafarrek saskiratzeko arazorik izan ez zutenean, eta horri esker abantailak handitu zituzten atsedenaldirako (36-18). Bigarren zatian, Askartza Clareten erreakzioa heldu zen, eta apurka-apurka aldeak murrizten joan ziren, batez ere laurden erdikaldean lorturiko 2-10eko partzialari esker, laurdena 48-40koarekin amaituz. Azken laurdenean, bi taldeen defentsako lana izan zen gakoa, eta bertan nafarrek etekina atera zien, eta kanpotarrak lau puntutara kokatu baziren ere (55-51), garaipena etxean geratu zen.

Sailkapeneko hirugarren talde garaitezina, Disdira ISB da, azpeitiarrek 5+11 Fundazioa menderatzea lortu zuten 68-62ko emaitzari esker. Lehen laurdenean bi taldeen erritmo altuak baldintzatu zuen partida, eta saskiratzeak erraztasunez lortzen zituzten. Horri esker laurdena 22-23koarekin amaitu zuen Jose Luis Ortunen mutilak aurretik zirela. Alex Astigarragaren mutilek bigarren laurden hasieran 17-0eko partziala lortu zuten, hein batean kanpoko jaurtiketei esker (39-23, 15 min), nahiz eta atsedenaldirako arabarrek aldeak murriztu zituzten (45-33). Bigarren zatian, gipuzkoarrek euren nagusitasunarekin jarraitu zuten aldeak 20 puntutan kokatuz (59-39, 29min) garaipena eskura utziz. Azken laurdenean arabarrek estutu bazuten ere, aldeak murriztea lortu zuten sei puntutara murriztuz, baina ezin markagailua irauli.

Tabirako Bakek garaipena erdietsi zuen Burladaren aurka (81-48), hasieratik etxekoek kontrolpean izan zuten partidan. Bigarren laurdenaren amaieran lortutako 17-2ko partzialarekin, atsedenaldira 41-24koarekin heldu ziren, eta bigarren zatian berdin jarraitu zuen partidak, hirugarren laurdenean 23-5eko partzialak erabat apurtu baitzuen partida.

Biok2.com OKEk garaipena lortu zuen Paduraren zelaian, 73-102ko emaitzarekin nagusitu baitziren. Lehen zatian partida berdintsua joan zen, eta bigarren laurdenaren amaieran lortu zuten abantaila gipuzkoarrek (42-48). Hirugarren laurdenean, gipuzkoarrek 32 puntu saskiratu zituzten, eta horri esker ihes egin zuten markagailuan (59-80), partida azken laurdenean apurtuz.

Getxo Sbk garaipena lortu du GDKO Ibaizabalen zelaian 76-81eko emaitzari esker. Partida berdintsua izan zen, izan ere 71na berdindu ostean, luzapenean nagusitu ziren kanpotarrak, uneoro markagailuan aurretik izan ziren, eta jaurtiketa libreetan izandako akatsek soilik ez zien garaipen eroso bat eman (4/12).

Jardunaldia, Electro Alavesa Marianistasen garaipenarekin amaitu da, 86-59ko emaitzarekin Centro de Estudios Mikeldi Unamuno mendean hartu eta gero, Bigarren laurdenean jarri zen partida arabarren aldeko, lehen laurdenena nahiko berdintsua amaitu ostean (16-13). Atsedenaldian etxekoek 12 puntuko abantaila zuten, eta hirugarrengoaren hasieran lortutako 13-2ko partzialarekin partida apurtu zuten.

Asteburuan, aurreratutako partida bat jokatu zen CB Valle de Egües eta Universidad Deusto Loiola Indren artean. Lehenengoak izan ziren garaipena lortu zutenak 80-64ko emaitzarekin. Diezen mutilek ongi hasi zuten partida sei puntuko abantaila izan zutelarik (24-30), baina atedenaldirako nafarrek aurrea hartu zuten markagailuan (32-34). Hirugarren laurdenean, ordea, 13-0eko partzialarekin partida apurtu eta garaipena erdietsi zuten nafarrek.