Disdira Bixitegia ISBk lehian darrai (foto: K.T.)

Lauko Finalean egoteko lehia estua

Pasaden astean igoera lortu arren, 5+11 Fundazioak ez du bere erritmoa jaisten, eta 73-95eko markagailuarekin Urdaneta mendean hartzea lortu zuen. Jose Luis Ortunek entrenatzen duen taldea fin aritu zen saskira begira, eta ez zuten arazorik izan beheko postuak garaipen batetara mantentzen duen taldea mendean hartzeko.

Bigarren postua Atletico San Sebastian eta Universidad Deusto Loiola Indautxurentzat da, eta orain bi garaipeneko aldea dutelarik. Donostiarrek 46-79ko emaitzarekin mendean hartu zuten Omega Peripherals La Salle, beheko postuetan jarraitzen duen taldea hain zuzen ere. Luis Comendadorrek entrenatzen duen taldeak partida kontrolpean izan zuen, hein batean defentsako lanari esker, eta horri esker abantailak hartzen joan ziren markagailuan.

Bestalde, Indautxukoek Goierri Verkol mendean hartu zuten 54-61eko emaitzarekin, azken laurdenean erabaki zen partidan. Bi taldeko defentsak ongi aritu ziren partida guztian zehar, azken laurdenera hiru puntuko abantailarekin heldu baitziren kanpotarrak. Azken laurden horretan, bilbotarrek erasoko lana hobetu, eta laurden horretako 22 puntuekin garaipena erdietsi zuten.

CB Valle Egüesek ezustekoa jaso zuen Getxo SBren partietik, eta Lauko Finalean egoteko lehiatzen jarraitu beharko du. Getxoztarrek 60-70ko emaitzarekin garaipena lortu zuten, lehen zati berdintsua joan zen partidan, eta bigarren zatian bizkaitarrek markagailuan aurrea hartu zutelarik.

Zarautzen, Lauko Finalean egoteko bi arerio zuzenen arteko norgeiagoka eman zen, Leihoak Zarautz Zast eta Disdira Bixitegia ISBren artean. Lehen zati berdintsu baten ostean (30-31), hirugarren laurdeneko 4-21eko partzialari esker, partida aldeko ipini zitzaien azpeitiarrei, hogei puntuko aldeak lortu zituztelarik. Alde horiekin, partida kontrolpean izan zuten, eta horrela, garaipen garrantzitsua erdietsi zuten.

Seigarren postuan dago, lauko finalean sartzeko aukerekin, Biok Zerbitzuak OKE. Ordiziarrek 78-68ko emaitzarekin mendean hartu zuten maila galdu duen Mikeldi La Peña, nahiz eta minutu askotan zailtasun asko ipini zien etxeko taldeari. Gipuzkoarren aulkiko nagusitasunek, ordea, erabakiorrak izan ziren azken minutuetan, bilbotarrak indar barik heldu zirelarik.

Biok Zerbitzuak OKEk Getxo SBren aurka partida bat jokatzeke dauka, eta hori erabakiorra izango da azken bi jardunaldietan aukerak izan ditzaten ala ez.

Jardunaldia Tabirako Baqueren garaipenarekin amaitu da, Paduraren zelaian 92-94eko emaitzarekin nagusitu zirelarik. Porrot honekin, maila galtzeko postuetan darraite bizkaitarrek. Durangarrak ongi ekin zieten partidari, 37 puntu saskiratu zituztelarik lehen laurdenean, eta horri esker, lehen laurdenean jada 14 puntuko aldea zuten. Minutuak pasa ahala, etxekoak aldeak murrizten joan ziren, eta amaieran 10-1eko partzialarekin garaipenareko aukerak izan zituzten. Azken zorizko jokaldietan, aurkariek berriz ere saskira begira fin aritu ziren, eta garaipena erdietsi zuten.