Atletico San Sebastianek eta Universidad Deusto Loiola Indautxuk Lauko Finalean sailkatzeko aurrea hartu dute

Liderra eta txapelduna den 5+11 Fundazioak igoera beste garaipen batekin ospatu zuen 72-46ko emaitzarekin Omega Peripherals La Salle mendean hartu eta gero. Arabarrak nagusi izan ziren, maila mantentzeko lehiatzen jarraitu behar duen taldearen aurka, partida guztian zehar nagusi izan baitziren.

Hiru jardunaldi falta dira liga amaitzeko, eta beraz, Lauko Finalean zein talde ariko diren erabakitzeko. Oraingoz, Atletico San Sebastianek eta Universidad Deusto Loiola Indautxuk aurre hartu dute, eta ia euren postua ziurtatuta dute, garaipenak erdietsi, eta seigarren sailkatua den Disdira Bixitegia ISBkiko bi garaipeneko aldea dutelarik.

Donostiarrak bigarren postuan dira, 73-55eko emaitzarekin Padura mendean hartu eta gero, uneoro aurretik joan ziren partidan. Atsedenaldria, sei puntuko aldea zuten, eta hirugarren laurdenean berdintasuna mantendu bazen ere, azken laurdenean 20-10eko partziala lortu, eta garaipen erraza erdietsi zuten.

Universidad Deusto Loiola Indautxuk bestalde, Getxo mendean hartu zuen 67-60ko emaitzarekin. Lehen zatian etxekoak aurretik heldu ziren, eta aldeak nabarmenak ziren ia hogei puntuko aldea zelarik. Bigarren zatian, ordea, erreakzionatu egin zuten getxoztarrek, eta apurka-apurka aldeak murrizten joan, eta minutu gutxiren faltan bost puntutara ipini ziren. Halere, etxekoak erreakzionatu, eta garaipena erdietsi zuten.

Egun, Lauko FInaleko azken bi postuak Leihoak Zarautz ZKE eta CB Valle Egüesentzat dira, nahiz eta biek porrota jasan azken jardunaldian.

Zarauztarrek ezin izan zuten Goierri Verkolen aurka gipuzkoarren derbian garaipena erdietsi, eta 65-63ko emaitza estuarekin galdu zuten, azken minutuetan erabaki zen partidan. Azken laurdena lau puntuko abantailarekin hasi zuten zarauztarrek, eta azken minutu eta erdira arte kontrolpean izan bazuten ere, denbora horretan zuten sei puntuko abantaila galduarazi zuten garaipenaren beharra zuen taldearen aurka.

Bestalde, CB Valle Egüesek ezin izan zuen garaipena erdietsi Tabirako Baqueren aurka Landakon jokatutako partidan, 54-48ko emaitzarekin galdu zutelarik. Bi taldeen defentsako lanek markatu zuten partidaren erritmoa, eta hasieran bizkaitarrak izan ziren markagailuan aurrea hartu zuten, nafarrei garaipenerako betarik eman gabe.

Lauko Finalean sartzeko lehian darrai Disdira Bixitegia ISBk, nahiz eta aukera paregabea galdu duen aurreko bi taldeen porrota ez baitzuen baliatu Biok Zerbitzuak OKEren aurka 53-57ko emaitzarekin galdu eta gero. Partida ohiko derbia izan zen, ongi ezagutzen diren bi taldeen artean. Hori dela eta, defentsako lanean baliatu ziren garaipena lortzeko, eta bertan kanpotarrak abilagoak izan ziren azpeitiarren une txarraz baliatu baitziren azpeitian garaipena lortzeko.

Beheko postuetatik ihes egiteko lehian, Urdanetak garaipen garrantzitsua erdietsi zuen Mikeldi La Peñaren aurka 39-62ko emaitzarekin. Loiukoek ez zuten arazorik izan beheko postuan dagoen taldea mendean hartzeko.