Tabirako Baquek ezin garaipena lortu etxean (foto: zonabizkaina.com)

5+11 Fundazioa, EBArako igoeratik hurbilago

5+11 Fundazioak sufritu beharra izan zuen denboraldiko hemezortzigarren garaipena erdiesteko. Jose Luis Ortunen mutilek 60-62ko markagailu estuarekin mendean hartu zuten Getxo, atsedenaldira jada 8 puntuko aldearekin partida ongi bideratu bazuten ere. Bizkaitarrek, ordea, ez zuten amore eman, eta bigarren zatian aldeak murrizten joan ziren, markagailua iraultzea lortu zutelarik, lau puntuz goitik jarriz. Azken minutuetan ordea, bi hiruko sartuta, arabarrek garaipena erdietsi zuten, eta horrenbestez, datorren astean garaipena erdietsita, lehen postua ziurtatu dezakete.

Igoera lortzeko, arabarrek Leihoak Zarautz ZKEren porrota ereitxaron beharko dute, asteburuan Urdaneta 74-77ko markagailu estuarekin mendean hartu eta gero. Partida berdintsua joan zen, bi taldeek ezin baitzuten alde handiak lortu, nahiz eta gipuzkoarrek 9 puntuko aldea zuten 3 minuturen faltan. Baina Loiukoek aldeak murriztu, eta jaurtiketa libreetan egindako hutsak medio, garaipena zarauztarrentzat izan zen.

CB Valle de Egües da sailkapeneko hirugarren postuan Mikeldi La Peñaren aurka 64-53ko emaitzarekin garaipena erdietsi eta gero. Atsedenaldirako jada etxekoak aurretik ziren markagailuan, 34-18ko emaitzarekin, eta bigarren zatian bizkaitarrek euren jokoa hobetu bazuten ere, ez zen nahikoa izan garaipena erdiesteko, nafarrek ongi kontrolpean baitzuten partida.

Disdira Bixitegia ISBk berriz ere garaipena erdietsi du, oraingoan Padura 73-93ko emaitzarekin mendean hartu eta gero. Azpeitiarrek urrats garrantzitsua eman dute Lauko Finalean sartzeko lehian, lehen laurdenetik kontrolpean izan zuten partida hirugarrengo laurdenean apurtu eta gero.

Atletico San Sebastianek bigarren postuarengatik lehian jarraitzen du, partida bat jokatzeke baitu oraindik, 60-65eko markagailuarekin Tabirako Baque menderatu eta gero. Lehen zatian durangarrak izan ziren partidaren kontrola eraman zutenak, eta 15 puntuz aurretik ziren, baina bigarren zatian, donostiarrek markagailua iraultzea lortu zuten, hein handi batean izandako portzentai altuengatik.

Biok Zerbitzuak OKEk Lauko Finala jokatzeko postuetatik garaipen batera mantentzen dira, 80-75eko emaitzarekin Universidad Deusto Loiola Indautxu mendean hartu eta gero. Bilbotarrak atsedenaldria 9 puntuko abantailarekin baziren ere, ordiziarren bigarren zati bikain bati esker markagailua iraultzea lortu zuten, hein batean, bilbotarrak ez baitziren fin aritu jaurtiketa libreetan.

Jardunaldia Goierri Verkolen garaipenarekin amaitu da, 50-56ko emaitzarekin Omega Peripherals La Salle mendean hartu eta horrela jaitsiera postuetatik irten direlarik. Hasierako 4-17ko partzialak markagailuan aurrea hartzea ahalbideratu zien, eta gero bera mantentzen jakin izan zuten, garaipena lortuz.