Araba A (foto: cbaraba.com)

Loiola Indautxu eta Tabirako Baque garaitezin

Loiola Indautxuk eta Tabirako Baquek, eskuz-esku jarraitzen dute lidertzan, bi taldeek launa garaipen lortu baidituzte beste hainbat norgehiagokatan.

Loiola Indautxuk Easo A mendean hartu zuen 50-67ko markagailuarekin. Donostiarrak lehen zatian zehar minutu askotan markagailuan aurretik joan arren, atsedenaldira atzetik heldu ziren, azken minutuetan bizkaitarrek markagailua irauli ostean. Bigarren zatian donostiarrak indarrak galtzen joan ziren apurka-apurka, eta Loiola Indautxuk ez zuen barkatu Ibon Ocañaren neskek emandako aukera. Horri esker, aldeak handitzen joan ziren, eta azkenean garaipena lortu zuten.

Tabirako Baquek ere garaipena erdietsi zuen Aranur ISB bezalako arerio zuzenaren aurka (62-51). Durangarrak jokoan sendoago aritu ziren partida guztian zehar, eta jokoan izandako erregulartasun hori erabakiorra izan zen azkoitarren aurka garaipena erdiesteko..

Goikaldeko postuetan mantentzeko, garaipen garrantzitsua erdietsi zuen Gernika KESBek Araba Aren aurka (51-56). Bizkaitarrak ongi irten ziren partidara, eta norgehiagokako lehen aldeak lortu zituzten, bigarren laurdenean hobetu zuen talde arabarraren aurka. Etxekoen hobekuntza horrek, markagailua iraultzea ekarri zuen atsedenaldira heltzerako. Bigarren zatian, ordea, bizkaitarrek berriz ere markagailuan aurre hartu, eta partida kontrolpean izan zuten, garaipen berri bat erdietsiz.

Jardunaldia DNB Bera Beraren garaipenarekin amaitu da. Josean Arizmendiren neskek, denboraldiko lehen garaipena erdietsi zuten Escolapiosen aurka (65-47).