Grupo Zaher ISB Unamunori gailendu zitzaion (argazkia: K.T.)

Grupo Zaher eta Loiola Indautxuren garaipenak Lauko Finalerako borrokan

Bigarren itzuliko lehen jardunaldiak partida erakargarri bat zuen bere baitan, Baskonia Fundazioak eta Easo Ak jokatu behar zutena, lehen eta bigarren sailkatuak hurrenez hurren, baina larunbatean, goizeko 10:00etan aurreikusitako partida hau ezin izan zen jokatu. Bi taldeak eta epaileak bertaratu ziren arren, instalakuntzako langileen grebaren ondorioz, neurketa bertan behera geratu zen.

Jardunaldiko beste bi partidetan Grupo Zaher ISB eta Loiola Indautxuk garaipen garrantzitsuak erdietsi zituzten lauko finalean izateko bidean.

Lehen partidan Loiola Indautxuk Zuia Ingenieria Araberri garaitu zuen 64-60ko markagailuaz. Etxekoak zertxobait gehiago izan ziren partida berdindua ikusi ahal izan zen Bilbon, non azken minutuetan edozer pasa zitekeen. Jaurtiketa libreen lerrotik gehiago asmatu izanak, Javier Diezen mutilek garaipen bat gehiago eskuratzea ekarri zuen, eta honela, laugarren posturako lehian jarraitzen dute Indautxukoek.

Loiola Indautxurekin garaipenetan berdinduta dago Grupo Zaher ISB, Unamunori 63-57 irabazi ostean. Lehen bi laurden berdindu jokatu ostean, 32na atsedenaldian, azpeitiarrak partidaren kontrola eskuratu zuten bigarren erdian. Iurgi Caminosek zuzentzen duen taldea 10 puntuko abantaila izateraino iritsi zen azken laurdenaren asieran, baina Aitor Urizenek ez zuten etsi eta 2 punturaino hurbildu ziren. Azken minutuan azpeitiarrek izandako momentu onak bigarren garaipena eman zion Caminosen taldeari.


A-2 MULTZOA

Euskal Liga haseratik jokatzeko eskubidea ematen duten bi postuak eskuratzeko borrokan, Zarautz ZAST ZKE gogor ari da lanean eta azken sailkatuaren, Tabirako Baquéren, aurka argi eta garbi nagusitu zen 82-42 irabaziaz. Aran Lertxundiren mutilak bi garaipeneko abantaila dute bigarren eta hirugarren sailkatuekiko, honela, bi postuetako bat ia ia poltsikoan dutelarik.

Bigarren txartelaren bila, Ekialde eta CD Internacional berdinduta dira sailkapenean launa garaipenekin. Gasteiztarrak Easo 96 Ari irabazi zioten 66-57 eta Interrek markagailu estuago batez, 59-55, hartu zuen Askartza mendean.